Poznańeko Bask’n’Rolla

 

Film emanaldiak, hitzaldiak, antzezlanak, lehiaketak, kontzertuak, hurbiltzeko ausardia izan duen orori eskainitako euskara eskola irekia… Eta, batez ere, giro paregabea! Bukatu dira dagoeneko astebete iraun duten Euskal Jardunaldiak (Kataluniakoen atzetik etorri direnak) eta “Espainia ber lau” (“Hiszpania do potęgi 4”) proiektuaren baitan garatu ditugunak. Aste osoko programa Sfera Fundazioak eta urtero Euskal Jardunaldiak prestatzen dituzten ikasleek antolatu zuten. Ezin ahozka daitekeen izena duen Islandiako sumendiak proiekturen bat edo beste bertan behera uztera behartu bagintuen ere, eta gonbidatuetako zenbaitek etortzeko aukerarik izan ez bazuten ere, festibala oso interesgarri eta dibertigarria izan zen, baina, guztiaren gainetik, anitza! Serioa eta barregarria, ondo neurtua, zaratatsua eta arreta eskatu duena. Bakoitzak bere neurrira antolatutako zerbait aurkitzeko aukera izan zuen; gainera, euskal gazte ugari ezagutzeko aukera izan genuen, askok parte hartu baitzuten ekintzetan.

 

Poloniar arruntak Euskal Herria gauza bakar batekin lotzen du, eta zoritxarrez lotura hau ez da batere alaia. Noski, ETA talde separatistari buruz ari gara. Euskal Asteen antolatzaileekin batera, eskualde miresgarri honen kontrako aurpegia erakusten saiatu gara: bere paisaia ederrak, bere kultura aberatsa, janari ezin hobea, ardo bikaina eta bertako biztanle atseginak, kirol deigarri eta lehiari zaletuak. Eta, hau guztia bai Poznań zein, lehenengo aldiz, Gnieznon aurrera eramandako programari esker.

 

 

Euskal kulturak zerbait badu misteriotsu eta harrigarria, hori bere hizkuntza da: jatorri ezezaguna du oraindik, dakigun bakarra da ez dela hizkuntza indoeuroparra. Euskal hizkuntzaren inguruan (eta bere politika katramilatsuaren inguruan) jardun ziren osteguneko hitzaldiak. Tomasz Wicherkiewicz doktoreak hizkuntza-politika zer zen azaldu zuen, eta oinarrizko definizio, arazo eta erronkak aurkeztu zituen. Hizkuntzalaritza ikasle Joanna Janiszewskak osatu zuen gaiaren alderdi teoriko hau “Ez ezazue nahastu hizkuntza politikarekin” hitzaldian. Larunbatean, norberak bere larruan ikusi ahal izan zuen euskara zeinen zaila den. Euskara eskola irekia Amaia Donés Mendiak, unibertsitateko euskara irakurleak, eta Cristian Roncerok, Poznańen Erasmus den ikasleak, eman zuten.  Euskararen oinarriak ezagutzera mundu osoko jendea hurbildu zen: poloniarrez gain, Andaluziako espainiarrak zeuden, eta baita irlandar eta mexikar bat ere. Eta denei iruditu zitzaien erronka handia!

 

 

Zer jaten eta edaten dute euskaldunek?, nola ospatzen dituzte euren jaiak?,  zer dira pintxoak, kalimotxoa edo sagardoa? Hori guztia eta askoz gehiago ikasi genuen “Głelkom tu de Bask Kontri, czyli Polki wrażenia z Kraju Basków” ikuskizun satirikoari esker. Aktoreak UAMen euskara ikasten duten eta Euskal Herriarekin maiteminduta dauden ikasleak izan ziren.  Jai eta ohiturei buruz informazio zabalagoa eman zigun Natalia Stolarskak “Herriko jaiak czyli co się święci w Kraju Basków” hitzaldian: herriko jaietan dagokion herri nahiz hiriko biztanle guztiek, dena delakoa euren adina, goizeko ordu txikiak arte nola gozatzen duten azaldu zigun. Kontzertuak, prozesioak, jantzi tradizionalak, lehiaketak (kirola tartean dutenak, noski)… guzti honi buruz entzutea nahikoa da Euskal Herrian egon nahi izateko. Euskaldunek ondo pasatzeko duten izpiritu hori sentitu ahal izan genuen Brogans tabernan ostiralean antolatutako festan. Ekintza gehiagoren artean, arreta handiena erakarri zutenak dantza txapelketa, janari-dastatzea, kalimotxoa (ez dago esan beharrik, ardo eta Coca Colaz egindako edaria da kalimotxoa) eta karaokea izan ziren, dj Soniq energetikoak jarritako euskal musikarekin girotuta. Ostiraleko gau zoroaren ostean, larunbateko arratsaldea Rialto zineman pasatzeko aukera izan genuen “Crimen Ferpecto” Alex de la Iglesia euskal zuzendariaren filma ikusten. Argumentu dinamiko eta groteskoa, umore beltza nonahi  eta Guillermo Toledo protagonista duen film honekin eman genien amaiera Euskal Jardunaldiei. Zalantzarik gabe eskualde honekiko eta bere kulturarekiko dugun maitasuna zabaltzeko saiakera izan dira!

 

“Hiszpania do potęgi 4” proiektuaren bi atal falta zaizkigu oraindik. Maiatzean Gaztela eta Andaluzian barrena murgilduko gara, eta ekainean Galizia berdea ezagutzeko aukera hobea izango dugu. Ongi etorri!